Ametx erakunde autonomoak 2005ean jarri zuen abian udalerriko leku izenen bilketa-lanari, beka deialdi baten bidez. Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean, Ane Olabarri eta Rakel Iruarrizaga izan dira udalerriko toponimoak jaso, sailkatu, aztertu eta antolatu dituzten ikertzaileak.
Toponimia udalerriaren kultura-ondarearen atal garrantzitsutzat harturik eta, garai berrien eraginez, hainbat leku, baserri, iturri, baso… izen desagertzeko zorian zeudela ikusita, ekin zion Udalak proiektu handi honi. Bilketa lan hau, hainbat izenen galera eragozteko ez ezik, bihar-etziko kale, auzo edo instalazioen izenak erabakitzeko ere lagungarri izan daiteke.
Zeregin honetan, hainbat artxibo, erregistro eta dokumentu aztertzeaz gain, zuzeneko elkarrizketak egin zituzten bi filologoek udalerriko auzoetako bizilagunekin. Behin behineko emaitzak jasotzen zituzten panelen erakusketa egin zen 2009ko udaberrian, datu kopurua eta zehaztasunak areagotze aldera, bizilagunen ekarpenak jasotzeko xedez.
Leku-izen horiek jasota daude dagoeneko, ia lau mila era daude jasota datu base batera. Informazio hori gizarteratzeko eta ezagutarazteko beste urrats bat da web orri honetara ekarri den lana.
© 2011 Amorebieta-Etxanoko Udala